Emilio Caracafé
Emilio Fernández de los Santos Sevillako Polígono Sur auzoko mito bizia da. Alalá Eskolako giltzarri eta arima, Fundazio hori aurtengo jaialdian saritu baita. Caracafé ezizena alabarengandik heldu zaio, 3 urte bakarrik zituela horrelaxe deitu ziolako. Izan ere, neskatoak horrela esaten zion pelutxe bati eta, esaten denez, behin batean aitarengana hurbildu, laztan bat egin eta Ai, ene Caracafé! esan zion. Eta une hartatik beretik, Emilio calorroen torrefaktorik gozoena izan zen. Omen handiko gitarrista da, ibilbide profesionalean Niña Pastori, Pepe de Lucía, Manuel Molina, Manzanita eta beste artistei lagun egindakoa. Dena den, Pata Negrako ohiko kide gisa famatu zen flamenkoaren munduan eta estatuko nahiz nazioarteko musikaren panoraman. Arteari begira, jakin-minez beti eta izugarri polifazetikoa, 3 filmetako soinu-bandak konposatu, eta nor eta Israel Galván ere lagundu du.